Proiektu hau Engañako tunelaren eraikuntzaren hondar-irudira egindako hurbilketa da. Ehun hori oroimenaren, nortasunaren zein legatuaren pasarteetan agerian jartzen diren zenbait kontakizun gurutzaturen harien bidez sortu da, egitatearen eta fikzioaren historia amaigabearen berrirakurketak egiteko asmoz.
Engañako tunelak 6.976 metroko luzera dauka, eta, bere garaian, penintsulan eraikitako tunel luzeena izan zen. Trenbide-azpiegitura erraldoi hau Burgos eta Kantabria artean dago kokatuta, eta, trenaren bitartez, Santander Mediterraneoarekin lotu nahi izan zuen asmo handiko proiektuaren azken tartea da. 1941ean, Estatuko obrak betearazten zituen erakundeak preso politikoen zenbait destakamendu antolatu zituen, eta, penintsula osoko langileekin batera, langileentzako herrixkak sortzen hasi ziren. Tunela bera 1961ean amaitu zen. Obra bera 1985era arte egon zen geldi, eta gobernuak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen une horretan.
Aretoaren barruko aldean, mendiaren trepanazio historikoa eta eskoramendua azaltzen dira pantailetako batean, langileek pakidermoa edukirik gabe uzteko eta armazoia eraikitzeko darabilten zehaztasun berberaz. Beste proiekzioan, elefante batek nasen, geltokiaren eta langileen antzinako kokalekuen aurriak zeharkatzen ditu, harik eta tunelaren barruan amaitu arte. Animaliaren egoerak bizirauleen lekukotasunekin bat egiten du fisikotasunari, hunkiberatasunari eta doluaren zentzuari begira. Bi pantailetan, industeko eta husteko ekintzak Seamus Heaneyren Cavando eta T. S. Elioten Los hombres huecos olerkien bidez egituratu dira, era metaforikoan tunelaren albo banatan lekuratu izan balira bezala.
Ateondoan jarritako hirugarren pantailan, gaur egun hormaz itxita dagoen Engañako tunelaren hegoaldeko ahoan egindako gaur egungo ekintza azaltzen da. Langile bat desagertutako E letra zaharberritzen ari da. E letra berriaren barruko aldean, denboraren kapsula jartzen da, eta, bertan, tunelaren bi alboetan lan egin zuten bizirauleen lekukotasunen ahotsak daude gordeta.