Izaro Bermeo eta Mundaka artean dagoen uharte txikiaren izena da. Kantauri Itsasoko lurralde babesgabe txikia da, protagonismo historikoa eduki du inguruko herrien nortasunean eta lotune afektibo sendoak dauzka diasporan.
Uhartea baleak harrapatzeko talaia izan zen, baita bi mendetako erreserba espirituala ere. Oraindik ere, frantziskotar behatzaileen antzinako komentuaren aurriak daude bertan, eta, lehorreko frantziskotarren aurrean, agindutakoa betetzen ez zutela esan beharra dago. Errege-erregina katolikoen bisita jaso zuten zenbait aldiz. Monasterioa La Rochelleko kortsarioek arpilatu zuten. Urtero, Madalen Egunean, Bermeok uhartearen jurisdikzioa aldarrikatzen du, eta, horretarako, teila botatzen du uhartearen alboan, honako hauxe esan bitartean: Honaino iristen dira Bermeoko itoginak. Frankismoan eta trantsizioan, Julián Reyzábalek sortutako Izaro Films Presenta zineko ekoizpen-etxe eta banatzaileak Izaro uhartea erabili zuen logo moduan. Izaro Films Presentak nolabaiteko protagonismoa eduki zuen biluzien zinean, eta, bertan lortutako mozkinen bidez, Windsor Dorrea eraiki zuten Madrilgo bihotz finantzarioan. Dorrea, ordea, oso inguruabar bitxietan erre zen 2005ean, ARCO egin bitartean. Gaur egun, armadore bermeotarrek Santurtzin eraikitako azken belaunaldiko atun-ontzi batek darama Izaroren izena. Itsasontzi hori Indiako Ozeanoan dabil arrantzan Seychelleetako banderapean.
Nire proposamen gehienak ibilbide luzekoak dira eta Izaro proiektua bera ere bai. Izan ere, 2012an hasi zen uharterako espedizioa egin nuenean, mobilean lekuratzeko moduko GPS gailua gordetzen zuen denboraren kapsula lurperatu nahi nuelako bertan. Dokumental/saiakeraren formatua duen proposamenean, uhartearekin lotutako zenbait topaketa azaltzen dira, Izaroren inguruan daukagun begirada eta aldi berean zer erakutsi eta ezkutatzen digun zabaltzeko eta eguneratzeko asmoz.
Zenbait urtetako ikerlan honen ondorioz, puzzle konplexua sortu da, eta, benetako planoan nahiz irudimenezkoan zein sinbolikoan, hiru uharteetako, hau da, Izaro uharteko, Izaro Filmseko eta Seychelleetako paisaia fisiko eta mental desberdinak lotzeko moduko ibilbideak egituratzea du helburu, baita osagaien arteko ehuna eratzea ere ikonoak ekoizteko engranaje moduan. Izan ere, ez dira beti benetako egitateetatik sortzen, nortasunak irudikatzean konplexutasunaren osagai diren fikzioetatik ere sortzen direlako batzuetan. Uhartea bera idulkia eta monumentua da aldi berean.
Izaro Ieregiren eta Izaro Aperribairen partaidetza. Kepa Etxebarria armadoreari eta Kalaberry kapitainari Izaro atun-ontzian egindako elkarrizketa, Seychelleetarantz abiatu baino lehen. Pedro Casariegorekin batera Windsor Dorrea eraiki zuten arkitektoetakoa den Genaro Alasi egindako elkarrizketa.
Huarte Zentroa eta Nafarroako Gobernuaren laguntza.