2001. urtean, Domingo Lumbier haur-eskolen kokagunean proiektupean zegoen Kultura Etxerako obra egiteko eskatu zuen Altsasuko Udalak. Eskola horietan, gobernadorearen lorategia zegoen. Harresi batek urteen joan-etorrian bertan behera utzitako lorategia babestu eta ezkutatu egiten zuen, eta, metalezko burdinsarea zegoenez, ez zegoen bertan sartzerik. Hasiera batean, zuhaitz-etxea egiteko proiektu publikoa proposatu zen lorategia bera ondare moduan birbaloratzeko asmoz. Altsasu galdategien, harrobien eta trenen ahalmen industrial handiaren bidegurutzea izan da betidanik. Gaur egun, ordea, ondare industrial horren guztiorren aztarnarik ere geratu ez denez, zerbitzuen industria garatzen da bertako industrialdeetan.
Kultura Etxe berria eraikitzean, antzinako eskolak eta lorategia desagertu ziren. Proiektua bera 2007. urtera arte egon zen geldi, eta, orduan, kokapen berria eman zioten herritik kanpo dagoen Dantzalekuko hariztian. Kokapen berriaren ondorioz, proiektua bidegurutzearen eta iragaitzaren metafora antzekoa den leku bihurtu da, paisaiaren pertzepzioagatik eta ikusleen partaidetzagatik banakako eta taldekako esperientziari begira zabalik dagoen ingurunean.
Zuhaitz Etxea ekialde/mendebaldera begira dagoen 2,5×2,5na metroko bi moduluko eraikuntza da. Lekualdatutako bi kubo ditu, eta zuhaitzak berak haietako bat zeharkatzen du. Kubo horri eusteko, zuhaitz-azalera goma bidez lotutako burdinazko uztaiak erabiltzen dira. Zuhaitzean bertan, ez da iltze bakar bat ere sartu. 9 metroko altuerara dagoen lehenengo uztaiak altzairuzko tentsoreak dauzka, eta, haien bidez, irtenago dagoen kuboarekin dago lotuta. Aldi berean, lurzoruan iltzatzen duen itsasontzi moduko eskailera ere badu indargarri. Eskailerari esker, badago kuboetako batean sartzerik eta, barruko aldetik, eskailera-maila batzuetan zehar beste eremura igarotzerik. Bertan, zuhaitzaren enborra dago, hain zuzen ere. Kuboetako baten sabaian eta zoruan kokatutako beste bi uztaik egonkortasuna sendotzen dute.
Lanak berriro testuinguratzen du zuhaitzean eraikitako etxearen haur-iruditeria, gurariaren eta traumaren arteko erabateko askatasuna eskaintzen duen leku moduan. Proiektuan bertan garapenaren emaitza hurbilkorrekin bat egiten duten pentsamendu urrunkorren lekua. Absentzien lekuaren mehatxupean dagoen hastapenen lekua.
Proiektua haurtzaroko hastapenen lekuarekin dago lotuta, horrelako eremuak landa-inguruneko paisaiaren eta paisaia industrialaren artean galtzen diren bitartean. Belaunaldi berriek lekua bera aitortzen dute, eta bere ere egiten dute topaketen erritualean.
Altsasu Sakanako bailaran dago kokatuta, Gasteiz eta Iruña artean.
Zuhaitza 200 urteko haritza da. Haritza inguruko bertako zuhaitza da, eta San Pedro baselizatik hurbil-hurbil dago kokatuta. Bertan, hain zuzen ere, Nafarroako lehenengo erregea izandako García Ximenez koroatu zuten, kondairaren arabera.