0
100
go back
Top

Doris Lessing. Elkarrizketa apokrifoa

Susana Blás

Orain dela hamarkada askotatik egunkaria idazten dudala eta nerabezarotik idazleen zein artisten oroitzapenak eta testu intimoak irakurri ditudala kontuan hartuta, 39 urte neuzkala Doris Lessingen El Cuaderno Dorado irakurri nuenean, idazketari aurre egiteko modua aldatu nuen. Nire eguneroko ohitura literarioetan ere izan zuen eragina. Harrezkero, gaiak kolore desberdinetako koadernoetan banatzeko ohitura hartu nuen, idazle protagonista den Anna Wulfek egiten duen bezala. Horretarako, azal urdineko koadernoak erabili nituen neure aitortzetarako; azal beltzekoak, artearen teoriari zein pentsamenduari buruzko iruzkinetarako; eta azal gorrikoak, proiektu profesionaletarako, noizbait beste kolore bat eransteko… eta fikzioa idazteko besteko energia aurkituko nuelakoan.

Doris Lessingek Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2007ko urriaren 12an, eta 2013ko azaroaren 17an hil zen. Neure egunkarietan bilatu dut bere garaian zer idatzi nuen gustukoen dudan idazleari buruzko bi albiste horien inguruan: “Doris Lessingek Nobel saria irabazi du. Pozten naiz”. “Doris hil egin da, eeeez, hori ez”. Agerikoa denez, bigarren kasuan niretzat nahikoa da izen berezia jartzea, erreferentziatzat daukadan “Doris” delako.

Era berean, esan ere egin behar dizuet Lessing hil zenetik ezkutuko zenbait hitzordu izan ditudala idazlearekin. Ametsetan. Hain zuzen ere, bi elkarrizketa eduki ditut uretan: estalitako igerileku baten barruan; beste bat, bere lorategiko eskailera-mailetan; eta azken hitzordua, herriko dantzaldi batean. Hona hemen Dorisekin izandako elkarrizketa horien zenbait pasarte:

94 urte zenituela hil zinen. Adin handi horretara iristean, urteen joan-etorriari buruz hausnartu ahal izan zenuen… heldutasunari buruz. Niretzat funtsezkoa da zure lanetan nola jorratzen zenuen ondorioen bilakaera.

– Ikusten duzunez, nire posizio berritik, ez daukat gai horren inguruko hainbesteko interesik, nire izaera aldatu egin delako, baina arrazoia duzu… Zaharra izatea nola neraman galdetu nahi didazu, ezta? Hara, zer egingo diogu, bada! Aurreratu egiten dizut zahartzaroa bizi beste aukerarik ez dagoela. Dena dela, egia esan, gu guztion helmuga, hau da, zahartzea edo adineko egitea ere, krudela da benetan, eta, geure energia guzti-guztiak hori saihesteko edo atzeratzeko darabiltzagun bitartean, egia da nekez lortzen dugula hori berrestean zauri latz bezain hotzik ez jasatea.

Niretzat ezin arraroagoa da hilda zaudela ikustea…, niretzat zeure lan guztietan bizirautea eta heriotzari irabaztea duzulako hizpide…

– Giza arraza aditua da biziraupenean. Nik neuk ikusi egin dut pertsona batzuk etengabeko hondamendian bizirauteko gai direla. Umetan ikusi nuen Rhodesian, eta helduaroan ere ikusi dut leku askotan. Miseria gorrian bizi dira, eta, nire eleberriak hainbatetan hondamen hutsa den egoeran girotzen badira, amore ematen ez duten eta korrontearen kontra igeri egiten duten pertsonen itxaropenari ere eman nahi izan diot lekua.

“Bizitzan garrantzitsuak diren gauzak oharkabean iristen zaizkigu. Ez gaude haien zain. Agertu ostean erreparatzen diegu.”

Doris, azken aspaldion nire bizitzako erabakiek eta zoriontasunaren bilaketak seme-alabengan eragina edukiko ote duten eta haien kalterako izango ote diren beldur naiz.

– Susana, honako hauxe ikasi: erruak gure energia suntsitzen du. Kontsumitu egiten gaitu. Ez dut ulertzen zergatik dagoen hainbateko errua gure gizartean. Neure biografian azaltzen dudanez, erru ikaragarria sentitu nuen familia uzteagatik, senarra uzteagatik eta muturreko erabakiak hartzeagatik. Hala ere, konturatu egin nintzen bidea urratzeko eta ni neu garatzeko orduan ezinbestekoa izan zela erabaki horiek hartzea. Errua neure albotik uxatzeko borrokatu nintzen, baina ez da batere erraza. Izan ere, ezin zailagoa ere bada horri buruz idaztea, niretzat, behintzat.

Pentsatu duzu igerilekuan esan nizunari buruz, “helduaroko maitasunari” buruz?

– Oso egoera gutxi daude gorputzerako, bihotzerako eta bururako maitemintzea baino mingarriagoak direnak, buruak berak ikusi egiten duelako gidari omen duen pertsonaren jokabidea eroa eta lotsagarria ere badela. Izan ere, pertsonak sarritan maitemintzen dira, eta ez dira berdintasun-baldintzetan maitemintzen, ezta aldi berean ere.

– Badakit ezin gustukoago duzula ametsen gaiari buruz hitz egitea eta errealitatearen osagai moduan balioesten dituzula, aldi bereko bizitza moduan eta ez “ez-bizitza” moduan. Horrexegatik omen daukazu sufismoaren inguruko interesa…, baita bertan proposatzen den espiritualtasun-ereduaren ingurukoa ere.

– Hara, batzuen esanetan, sufismoaren inguruko interesa eduki nuen, ametsak, esperientzia onirikoak haztatzen dituelako. Hala ere, betidanik, txiki-txikitatik eduki dut ametsen inguruko interesa. Hain zuzen ere, nire eleberriei ere eman die gorputza, modu partzialean. Arlo onirikoaren inguruan dudan zaletasunak, ordea, ez dauka inolako zerikusirik nire joera sufistarekin. Hori hizpide ez dudan eta, orain zurekin egiten dudan bezala, “bizi” besterik egiten ez dudan gai ezin intimoagoarekin dago lotuta.