0
100
go back
Top

EDUKIAK

Txuspo Poyo

AGERIKO ARRAZOIRIK GABE

1. 2001eko martxoaren 23an, Mir estazio espaziala suntsitu zen, lurrazaletik 300etik gora kilometrora zegoen orbitatik itsasora erori ondoren. Mir bera ikerketa zientifiko eta astronomikoari begira orbitan jarri zen lehenengo laborategi-proiektua izan zen. Mir (bakea edo mundua esan nahi du) 1986tik 1996ra eraiki zuten, eta, hasieran proiektu sobietarra izan bazen ere, SESB desagertu zenean, kosmonauta eta astronautentzako nazioarteko plataforma bihurtu zen.
Zerutik eroritako eraispen alegorikoa urte horretan bertan nabarmendu zen ikur finantzario amerikarrak jasandako kolpe gupidagabean: dorre bikiak. Kolpe hori mundu zabaleko komunikabideek antolatu eta eman zuten zuzenean, eta ikur hori ezegonkortzea zeukan helburu. Horrela, bada, urteen joan-etorrian erradikalizatu diren fitxa berriak sartu ziren jokoan.

2. Urte batzuk igarotakoan, 2004ko urrian, San Eloy ospitalean (Labe Garaietako antzinako ospitalean) derrigorrean egin beharreko hilabeteko egonaldian (eta ez egoitzan), kolitis ultzeradunaren agerraldiaren ondorioz (datu hori anekdotikoa dela dirudien arren) hasi nintzen egunkarietan esku hartzen, zain barnetiko elikaduragatik eta kortisona-dosi handiengatik jasandako ernetasunpean. Egunkarietan esku hartzean, eduki sozial, politiko eta kulturalak nituen helburu, eta intuizioz berreditatzen nituen argazkian nahiz testuan bertan irudirantz zuzenean egindako zirriborroen eta marren bidez. Gertakari horretatik urtebete igaro ondoren, egunkarietako heriotza-oharretatik* ateratako legatuetan esku hartzen hasi nintzen laster, eta, horretarako, 2001ean Mir estazio espazialari edo dorre bikiei buruz egindakoak hartu nituen kontuan, besteak beste. Tiradera batean neuzkan gordeta, eta prentsak ere heriotza-oharra eskaini zien.
Egunkariko orriak metatzeko ekintza hori ohiko bihurtu zen era guztietako jatorriko albisteen bitartez, eta nolabaiteko konstelazio-zentzua eman zion multzoari, igortzeko moduko eta elkarlotutako gorpu dotoreak izango balira bezala. Erreferentzia horiek belaunaldiko oroimen kolektibo koral eta topografikora garamatzate, eta, legatu horietako batzuen argia bizi-bizia den arren, beste batzuek itzal sakonak daramatzate herrestan. Aterki horren babespean, maila globaleko nahiz tokiko ekarpen teknologikoak, erotikoak, militarrak, zientifikoak, poetikoak, artistikoak, literarioak eta politikoak agertzen dira. Egunkaria bera kaleko formatu zuzena izan da, eta oraindik ere bada, eta, bertan, albisteen iragankortasuna da leitmotiva. Egunkariek azken albistearen gose den planetako bazter guztiak inbaditzen dituzte.

Egunkariko datadun paperean bertan gordetzen ditut marrazkiak, horrela teknologia digitalen aurrean daukan gero eta desagerpen handiagoari eta bere bizitzaren iheskortasunari aurre egiten die-eta. Inprimatutako edo hartutako materialak bere horretan irauteko egindako egintza hori nire lehenengo lanetan ere badago ikusgai, Zeluloideak 1993-1996 lanean, esaterako.

3. Argitalpen honi esker, azken hamar urteotan egunkariko heriotza-oharren gainean egindako marrazkien zati bat bildu ahal izan da, eta egunkari gehienak mendebaldekoak dira, tokikoak, batez ere. Biografien gainean boligrafoz egindako esku-hartze horiek interesgarriak dira, legatu honen bereizgarritasuna nabarmentzen dutelako (iraganean, orainean eta etorkizunean). Izan ere, gure irudi pertsonal eta kolektibo konplexuen osagaia dira gurutzatutako hainbat norabidetan, eta eskalazko oroimen hauskorra berreratzen dute. Horretarako, inprimatutako irudiaren testura ikonikotik igaro beharra dago une hartan munduan gertatzen zenaren pultsu neuronalera, ageriko jarraitasun historikoa, belaunaldikoa eta elkarlotua ezartzeko, eta, gero, bertatik, gizarteak apurka-apurka diseinatu ditu bere irudikapen-ereduak.

 

*Heriotza-oharra egunkariko atala da, eta, bertan, idazpen biografiko laburra egiten da (animalia, landare, pertsona edo gauza baten) heriotzari buruz. Oro har, nolabaiteko garrantzi sozial, politiko edo kulturala daukan hutsa da.