Francisco Javier San Martín
Heriotza eta prentsa
Erdi Aroko teokrazian, gizarte-maila berdintzeko agindutzat hartzen zen heriotza: lurreko desberdintasunak desagertu egiten ziren, eta heriotzak guztiok berdintzen gintuen linbo demokratikoan: apezpikua eta mirabea, erregea eta eskalea. Inoiz fantasia hori norbaitentzako benetako kontsolamendua izan bazen, berez laikotasunerantz jotzen duen gizarte burgesak hil osteko edonolako kontsolamendua itxi zuen azkenean, XVIII. mendean-edo. Prentsa, instituzio burges bereizgarri hori, oso indize ona da gizabanakoek desagerpenaren aurrean daukaten jarrera ebaluatzeko orduan. Beraz, labur-labur aztertu dezagun banakako heriotzak egunkarietan duen isla, gai hori berori dagoelako Txuspo Poyok egindako prentsa-marrazkien azpian, inoizkorik ondoen esanda.
Hona hemen lehenengo bereizkeria: eskela demokratikoa da; eta nekrologika, elitista. Eskela hildakoaren ingurukoek, senideek edo ezagunek idazten dute (ondorengoak eta hiletaren ordua zein lekua aitatze hutsa idaztea dela esan badaiteke). Nekrologika, ordea, aditu bati eskatzen zaio, idazten dakielako, datuak eta irudiak erabiltzen dakielako, diskurtsoan dosifikatzen dituelako, agian irakurlea bera hunkitzen ere badakielako. Dena dela, ez du pertsonaiaren desagerpena etxeko gaia izango balitz bezala ezinbestean bizi izan. Seguruenik, eskela bera da erabat zintzoa eta objektiboa den heriotza-ohar bakarra: grinarik gabeko datuak, aipamenak, hildakoak gogoratzeko lekua eta eguna. Besterik ez.
Izan ere, nekrologikan, sarritan azaltzen da idazlearen, biziraulearen giza harrokeria. Onenean, zakarkeriaz erakusten du hildakoarekin daukan konfiantza intimoa: “Manu Leguinecherekin azken aldiz hitz egin nuenean, Beiruten, oker ez banago…”. Txarrenean, ordea, idazlearen harropuzkeria nekrologika osoan nagusi denean eta hildakoak baino protagonismo handiagoa hartzen duenean. Inolako zalantzarik gabe, horrelako nekrologikak dira txarrenak, benetako zitalkeriaz iradokitzen delako hildakoa pertsonaia handia zela nekrologika idazten duenarekin tratua izateagatik. Ondotxo dakigunez, giza harrokeria ez da heriotzaren aurrean ere gelditzen.
Genero literario moduan, nekrologika atsegina da funtsean. Panegirikoa behartua omen da. Bilera sozialetan ez daudenei buruz txarto ez hitz egitea aholkatzen duen araua lege bihurtzen da nekrologikaren generoan: hilberria ez da kritikatzeko aipatzen. Heriotzaren hurbiltasuna nolabaiteko “konfiantzako mozioa” da hildakoarentzat. Hilabete batzuk edo urte batzuk itxaron beharko dira haren lanaren kritika objektiboagoa egiteko.
Prentsako nekrologiketan, pertsonaiaren argazkia agertzen da, eta, oro har, bere distiraren gailurrean dago. Beti-beti, zendutakoaren irudia azaltzen da, inoiz ez bere lanaren argazkia. Franz West hil da, Walter de Maria hil da. Nekrologiketan, artistaren argazkia agertzen da, ez bere lanetako batena. Hartara, goizean egunkaria gainetik irakurtzen duten irakurleek ez dute haren lana ezagutzen, baina egilearen aurpegiera ikusten dute, aurpegi horren atzean edertasuna sortzeko gai zen pertsona zegoela irudikatzen dute. Hil berri den On Kawararen kasua, ordea, nolabaiteko salbuespena da: mihisean pintura ilunez egindako datadun edozein pieza artistaren beraren eta bere lanaren irudi moduan erabili liteke aldi berean. Orain dela hiru urte, On Kawararen Date Paintings margolanen atzera begirako handia egin zen New Yorkeko David Zwirner galerian. Sarreran, ia-ia berrogeita hamar urte lehenago, 1966ko urtarrilaren 4an, egin zuen lehenengoaren alboan, kolore urdin iluneko beste bat zegoen. Irekiera-ekitaldiaren bezperan, 2012ko urtarrilaren 4an, egin zuen, lehenengoak besteko tamaina zuen eta haren ondoan zegoen jarrita. Horrela, erakusketaren hasiera eta amaiera bizi-ibilbidearen adierazgarri nabaria ziren. Artistak ez zion inori bere argazkiak ateratzen uzten, eta ez zuen inondik inora jenioari inolako gurtzarik egiterik nahi, baina berak bere autonekrologika idatzi edo margotu zuen bere bizitzako ia-ia berrogeita hamar urtetan.
28 JUNE 2014
Norbaitek iradoki zuenez, autobiografia guztietan, egileak amaiera inoiz ez idaztea da txarrena, irakurlearentzat etsigarriena dena. Autobiografía amaierako klimaxik gabeko liburua da. Hala badagokio, narratzaileak epitafioa eskaini dezake gehienez, hau da, bizirik zegoenean idatzitako esaldi laburra, eta bera gogoratzeko erabili beharko litzateke. Epitafioa, ordea, bizi-testamentuaren antzekoa da, artistaren pentsamenduaren edo bizitzaren edo sorkuntzaren aurrean daukan jarreraren berri ematen digulako, baina ez bere heriotzaren inguruabarren eta xehetasunen berri. Marcel Duchampek hil baino askoz lehenago idatzi zuen bere epitafioa, eta familiaren hilobian dago grabatuta Rouengo hilerrian: “D’ailleurs c’est toujours les autres qui meurent. Marcel Duchamp 1887-1968”. Dena dela, ez zekien (inork ez zekien) New Yorken zeukan etxeko bainugelan hilko zela urriaren 2ko goizaldean, hortzak garbitu bitartean.
Nekrologikan, badirudi bizitza guztia heriotzan laburtzen dela edo, beharbada, orduan atzera begirakoa den heriotzak berak pertsonaiaren bizitza zeharkatzeko aukera duela txiki-txikitatik. Nekrologika atzetik idatzitako nolabaiteko biografia da. Testua bera amaieratik hasten da, hain zuzen ere, eta urratsez urrats irensten du azaltzen duen bizitza. Nekrologika guztietan, jaioteguna, bizitzan emandako lehenengo urratsak, gaztaroa bera behinolako iraganeko lanbropean geratzen dira. Heriotza, aldiz, hilezkortasuneko bigarren bizitzaren hasiera, hastapena da agian.
Horra hor lehenengo bereizkeria. Izan ere, heriotza mediatikoaren aurrean gizakiok berdinak ez garela baieztatzen digu: igeltsero bat hiltzen denean, eskela hutsa dauka, eta, gizon handi bat hiltzen denean, heriotza-oharra dauka egunkarian. Hala ere, lehen esan dudan bezala, heriotza-oharra ez da hilezkortasunaren adierazgarri, hildakoak eta hildakoak daudelako. Prentsak bere heriotza-oharretan nabarmentzen duen beste alde bat, beste bereizkeria bat ikusiko dugu orain. Aipatu nahi dudan hirugarren eredua da: pertsonaia bat bere arloan hain garrantzitsua, hain erabakigarria denez, bere heriotza nekrologika hutsetik igarotzen da egunkariko azalera: “Dolua Lurrean eta Macondon. Gabriel García Márquez hil da: literatura unibertsaleko jenioa”. El País egunkariak izenburu hori jarri dio bost zutabeko testuari, Kolonbiako idazlea desagertu osteko hurrengo egunean. Ez da nekrologika, albiste globala baizik. Errepikaezina, unibertsala, klasikoa, agortezina… bezalako aditzondoak testuko lerro gutxitan pilatzen dira, neurrigabeko laudorioen erabateko dantza eratu nahian. Heriotza-oharren orrialdean alboratutako bigarren mailako hildako gaixoari atsekabea baino ez zaio geratzen, bere desagerpen txikia erraldoia, unibertsala den beste batekin bateratu delako.
Nolanahi ere, jarraitu dezagun, hilezkortasunaren inguruko azken iragazkia dagoelako. Urtearen amaieran-edo, abenduaren 28tik 30era, gutxi gorabehera, urtea bera gertaera politikoetan, zientziako aurrerapenetan, etorkizunerako erronketan… laburtzen saiatzen dira egunkariak. Horrez gain, urteko “hildako ospetsuak” laburtzen dituen atala ere badago: 2014: Gabriel García Márquez edo Emilio Botín hil da. Lehen mailako hildakoak dira, eta badirudi zendutako horiek izenburua daramatela atxikita. Hau da, urteko gainerako hildakoak alboratzeko beste modu bat da. Orain dela hilabete gutxi batzuk baino ez, egunkari berberak orribete erabili zuen Manuel Pertegaz jostunaren edo Joe Cocker abeslariaren iruzkina egiteko. Edonola ere, urtearen amaiera, benetako unea iristen denean, ez dute handietan handienen iragazkia pasatzen. Haien hilezkortasuna itzaltzen hasten da.
Horrez gain, oso gogoan izan behar dugu nekrologika geografiari eta kulturari begira lekuratuta dagoen generoa dela. Álex Angulo aktorearen edo Arturo Barrio sukaldariaren heriotzak eremu mugatukoak dira, baina Robin Williamsena edo Lauren Bacallena globalak dira, ordea. Beste batzuek, Alfredo Di Stefano futbolariarenak edo Albako dukesarenak, adibidez, bi ezaugarriak dituzte aldi berean. Txuspo Poyok erreferentziako egunkarietako orrietan egiten ditu marrazkiak, baina, tokiko egunkari bat, esate baterako, Bilbon Deia edo El faro de Vigo kontsultatzen badugu, honako hauexen heriotzen iruzkinak aurkituko ditugu bertan: gerra zibilean borrokatu zen gudari bat edo Diktaduran euskara irakatsi zuen andereño bat, Costa da Morteko emakume itsaskilari zaharrena edo A Coruñako Deportivoko berrogeita hamarreko hamarkadako jokalari bat. Gainera, mundua oso handia denez, nork bere buruari galdetzen dio zer gertatzen den Herbehereetako piraguista den Lida van der Anker-Doedensekin, Norvegiako filologoa den Andreas Bjørkumekin, Danimarkako piano-jolea den Anker Buchekin, Frantziako idazlea den Pierre Capretzekin, Peruko futbolaria den Guillermo Delgadorekin, Puerto Ricoko umorista den Mi Pana Gilitorekin, Frantziako Erdi Aroko aditua den Jacques Le Goffekin, Alemaniako teologoa den Rolf Rendtorffekin, Estatu Batuetako mafiosoa den Frank Illianorekin, Australiako aktorea den Wendy Hughesekin edo Frantziako zein Mexikoko kartografoa den Michel Antochuwekin. Guzti-guztiak 2014an hil ziren. Zer gertatzen da gizon txiki handiekin, bigarren mailako emakume heroiekin, aldirietako pertsonaia ospetsuekin? Ez da ezer gertatzen: euren tokiko nabaritasunean hil eta lurperatu egingo dituzte, eta euren ingurukoek baino ez dituzte gogoratuko; edo, hala badagokio, Holandako piraguismoaren historian, Norvegiako filologian edo Peruko futbolean nekez aditua den norbaitek.
Vanitas
Heriotza eta hilezkortasuna bi gai desberdin dira erabat. Heriotza egintza pribatu nagusia da. Hilezkortasuna, ordea, gizabanako paregabearen lanaren jendaurreko aitortza da. Irmotasun hori nahitakoa bada ere, hilezkortasunaren ideia behin-behinekoa ere bada (kontraesana dirudien arren). Horrez gain, medietan hainbat gauza iragankor ahaztezinak, historikoak direla diotenez, gaur egun darabilgun hilezkortasuna oso higatuta dagoen kontzeptua da. Denboraldiz denboraldi, “mendeko partida” jokatzen da, “gol historikoak” eta antzekoak ikusten ditugu. Aldi berean, artista “paregabeak” eta pertsonaia “ahaztezinak” ekoizten dira, eta euren apartekotasuna berehala ahazten da.
Topiko bat aipatzearren, denok daukagu gogoan José de Echegaray jaunari Literaturako Nobel saria eman ziotela 1904an, bere ospe gorenean, baina, egia esan, orain epaimahaiaren errakuntzaren adibide moduan baino ez dute gogoratzen (zoritxarreko hilezkortasuna halakoa!). Bestetik, berrogeita hamarreko hamarkadan Vittore Maturi (Victor Mature, bere nom d’écranen) ezinean zebilen Hollywooden zeuzkan ezin konta ahala konpromiso betetzeko, baina, mende erdi geroago baino ez, aho batez adierazten da harri-kartoizko antiaktorea izan zela. Edonola ere, hortxe bertan datza hilezkortasun horien paradoxa alde negatibotik: Victor Maturek aktore-ñabarduraren bat garatzea lortu izan balu, gutxienekoa izan arren, hau da, aktore hobexea izatea lortu izan balu, erabat ahaztuta egongo zen hamarkadetan Hollywooden bizi izan ziren aktore kaskar ugari-ugarien artean, baina aktorea izateko ageriko ezintasun horregatik egin da hilezkor. Bestetik, Echegarayk “Edo heriotza edo santutasuna” eta “Ideal baten alde korrika egitea” bezalako betegarriak bertsotan idatzi ez balitu, hemeretzigarren mendeko beste idazle kaskar bat baino ez litzateke izango, baina, hain zuzen ere, Nobel saria eman diotenean egin da hilezkor, idazle itxurati eta melodramatikoaren adibide hobezin moduan.
Norbaiten hilezkortasuna oztopo-lasterketa da, eta, bere garaikideak aitortzen direnean hasten den arren, ez da inolaz ere hildakoan amaitzen. Hain zuzen ere, hortxe bertan hasten da lasterketako zati zailena, hau da, bere lanen eraginpean ez dagoena (bere legatua, genero nekrologikoko terminologian), hil osteko osagaien eraginpean dagoelako eta aurrerantzean haien inguruko jardunik garatzerik ez daukalako: etorkizuneko ikuspegia, aurrea hartzeko gaitasuna, moden aldaketari aurre egiteko irmotasuna, revivalari heltzeko joera… eta osteko hamarkadetan apurka-apurka zehaztuko diren beste asko. Hilezkortasunari dagokionez, argi eta garbi geratzen da, bere erabateko izenak aldarrikatzen duenaren aldean, Zeitgeisteko ur uherretan flotan dagoen hosto hauskorra baino ez dela
Hilezkortasuneranzko lasterketa horretarako lehenengo urratsa nekrologika da. Oro har, pertsonaiak ospe ona daukanean iristen da nekrologika (hau da, heriotza), kontrakoaren hainbat adibide badaude ere. Hildako batzuk oso narriatuta iristen dira euren nekrologikara. Jean Fontaine, “Hollywoodeko aktorea”, edo Betty Page, “50eko hamarkadako pin-upa”, beti-beti gazte eta irribarretsu agertzen dira euren heriotza-orrialdean. Hala ere, egia esan, haien nekrologikak berrogeiko edo berrogeita hamarreko hamarkadetan oso ospetsuak izan ziren pertsonaiei buruzkoak dira, eta, hil zirenean, erretiratuta bizi ziren Los Angelesen edo Carmelen zeukaten etxean, urteetan eta urteetan erabateko anonimatupean egon ostean. AEBetako telebistan, “Non ote dago….?” izenburuko saioa zegoen hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, eta, bertan, bere garaian ospetsuak izandako eta gero zeharo ahaztutako entertainmentako prodijio txikien porrotak eta erorikoak zituzten hizpide. Saio hartan, behintzat, bizirauleak bizirik zeuden artean, eta bazeukaten une bateko berpizkundearen txekea kobratzerik. Edonola ere, jakin bazekiten telebistako agerraldi horrek are gehiago higatuko zituela euren behin betiko desagerpena eta duina edo hain duina izango ez zen nekrologika edukitzeko aukerak. Txarrenean, nekrologika arreta erakartzeko dei hutsa da behin betiko ahanztura gertatu baino lehen.
Zeitgeisteko ur uherretan flotan dagoen hosto hauskorra baino ez da.
Nik bezala nekrologikak gustuko dituen irakurle batentzat, hauexek dira interesgarrienak. Adibide bat jartzearren, egunkarian Leopoldo M. Panero hil dela irakurtzen badut, haren olerkietako bat irakurtzeko plazera gogoratuko dut, eta, berriro ere, une intimoa ere edukiko dut haren pertsonaiarekin, arnegutasunarekin eta larregikeriarekin. Nolanahi ere, ezin da benetan porrot egin duenaren nekrologikarekin parekatu. Ez da madarikatua, ezezaguna baizik: lehenengo orduko kafea hartu bitartean, goizean Betty Page hil dela irakurtzea bizitza bera ahuspez aurkitzea bezalakoa da. Ezagutzen ez zenuen norbait hil dela, zurekin inolako zerikusirik eduki ez zuen bizia amaitu egin dela, horren berri eduki ez arren bere garaian edertasunagatik oso ospetsua izandako emakumea hil dela jakitea. Horixe bera da nekrologikaren benetako vanitas: ahaztuen zerrendetara berehala igaroko diren ezezagunena.