Glòria Picazo
Bere garaian Txuspo Poyok Louise Bourgeoisi eskaini zion heriotza-ohar honetan, niretzat oso deigarria izan da haren heriotzaren berri ematen zuen egunkariko orrialdea modu materialean inbaditzen duen eskailera-gurutzaketa. Elementu arkitektoniko hori hain adierazgarria eta, aldi berean, hain sinbolikoa denez, oroimenean bizirik ditudan irudiak etorri zaizkit burura; esate baterako, Siriako Malulako udalerrian dagoen Teklako monasterioko ikonoaren zati bat. Arimak eskailera monumentalean gora doaz zerurantz, eta, igoera horretan, guzti-guztiak beltzez margotuta dauden aingeru deabrutuek haietako batzuk botatzen dituzte bertatik. Zoritxarrez, irudi horrek irakurketa berriak eduki ditzake, orain dela hilabete batzuk indar yihadisten eta Siriako armadako indarren arteko borroken erdian harrapatuta geratu zelako udalerri hori. Baliteke gaur ikono hori desagertu izana, borrokek neurri handi batean suntsitu dutelako Malulako ondare arkitektoniko eta artistikoa.
Artearen historiaren ikuspegitik, niretzat irudi saihestezina ere badira Joan Mirók hogeiko hamarkadan margotu zituen eskailerak. 1926ko “Ilargiari zaunka egiten dion txakurra” lanean, esaterako, aipatutako ikonokoa bezain monumentala den eskailerak margolanaren ezkerraldea betetzen du. Edonola ere, testu hau prestatzean harri eta zur geratu naiz 1947an Joan Miró eta Louise Bourgeois New Yorken elkar ezagutu zutela jakitean. Geroxeago, hain zuzen ere, Louisek berak nahikoa gutxiesgarriak ziren hitzez aitortu zuen haien topaketa atsegina izan zela, baina haren “estilo jostariak” ez zuela inolako eraginik eduki bere lanetan, “nire lanak askoz ere oldarkorragoak direlako”.
“indarkeriazko egitate ororen atzean, frustrazio sexuala dago”
Gora doan eta ukigarriaren mundua zein ukiezinaren mundua lotzen dituen mugimendu bertikal horren sinboloa den eskaileraren inguruko elkarrekiko interesa sinbologia jorratzeko bi era desberdinetan dibertsifikatzen da bi kasuetan. Joan Mirórentzat, eskailera elementu naturalen, lurraren eta zeruaren arteko lotunea da, tamaina handiagoko oinarria lurrean dago ainguratuta, gaueko zeruari eusten dio eta, azken batean, gaueko “iheserako eskailera” da, bere esanetan.
Louise Bourgeoisentzat, ordea, erdian eskailera zeukatela sortu zituen gelaxkek ez gaituzte inora eraman nahi, artistak berak idatzi zuen bezala: “eskailera-mailen goiko aldera iristen zarenean, ez dago ezer, baina, hala ere, (bizitzen) jarraitzeko, aurrera jarraitu beharra dago, horren ondorioz berriro hasi behar bagara ere”. Bere kasuan, “hutsera garamatzaten eskailerak dira”, beraz.
Honako hauxe kontuan hartuta bizitzen jarraitzeko adorea ematen digun sinbolo hori eskaileran ikusteko bi moduak desberdinak diren arren, baliteke hain urrunak ez izatea: bakartzeko prozesua, barruko ihesaldi mirotarra edo kanporaketa eta emozioak zein ikarak agerian uzteko egindako apustu ezin zintzoagoa, sarri-sarritan eta obsesio nahikoaz Louise Bourgeoisentzat horren guztiorren helburu nagusia aita zela aintzat edukita. Bere esanetan, hain zuzen ere, aita “ez zen inoiz etxekoa izan”. Inolako zalantzarik gabe, hortik datoz Txuspo Poyok haren heriotza-oharretan adierazitako hitzak: mater-ializing the father. Artistak berak askotan azaldu zuen 1938an bere sorterria den Frantzia utzi zuela atzean Robert Goldwater arte-historialariarekin ezkondu ondoren New Yorken finkatzeko eta, horrela, aitarengandik urruntzeko. Sarritan, aitaren aurkako matxinada horren adierazgarri ziren bere eskulturak eta marrazkiak, bere ustez aitaren jarrera traizioa izan zelako bere amarentzat nahiz familia osoarentzat. Malaise-sentsazio horrek bere lan guztiak zipriztindu zituen, eta beste faktore batzuetara ere hedatu zen; esate baterako, indarkeria. Horrez gain, “indarkeriazko egitate ororen atzean, frustrazio sexuala dagoela” adierazi zuela eta bere jarrera pertsonal zein artistikoa nolakoa zen kontuan hartuta, aitzindarietakoa izan omen zen arte garaikidean erabat feminista zen jokabidea erakusteko orduan.